Alarmaz beteriko astea izan da urtarrilaren hirugarrena. Hotza, izotza, euria, elurra, uholdeak … eta, gainera, oraindik gugandik hurbil dabilen gripea, beti bezala ahulenei eraso egiteko prest.
Bestelako erosoek ere, tamalez, ez dute gaurkotasunik galtzen. Fisikoki indartsuago, eta psikologikoki ahulago, gizon askok maite omen duten emakumea hiltzen segitzen dute. Eta hori ikusirik, gu izozturik, etengabeko tragedia nola eten asmatu ezinik.
Asteko lanegunei errematea emateko, gaur gauerditik, San Sebastian egunak danbor hotsen oihartzuna ekarriko digu. Hemendik milaka kilometrora ere, Washingtonen, San Sebastian eguna seinalatua izanen da, Donald Trump Estatu Batuetako presidente berria bere karguaz jabetuko baita. Danbor hutsak han ere, baina ez hemengoak bezain gozoak.
Badira izozturik uzten gaituzten asteak eta, dudarik gabe, horietakoa da urtarrilaren hirugarren hau.