Ikaragarria da Eguberri aitzineko kultur programazioa. Egunkaria zabaldu, irratia piztu eta harrituta geratzen naiz gure hirian egunero eskaintzen dizkiguten kontzertu, hitzaldi, liburu aurkezpen eta mahai inguruen zerrenda ikusita. Beti bezala, aukeratzea da gakoa. Nora joan erabakitzea eta, beraz, zeri uko egitea.
Eta Durangoko uholdea ahaztu gabe, noski. Horri aurre egiten jakitea ere ez baita erraza. Hilabeteak beharko ditugu horretarako, eta hor ere aukeratzen jakitea da gakoa.
Kontuan hartuta, jakina, kulturan bestelakoak ere sartzen direla. Bada gure kulturari estuki loturiko beste alde bat, bestea baino garestiagoa, oso erakargarria gehienontzat: afari, bazkari, poteoa. Ez al da hori ere gure kulturaren zutabe nagusienetakoa. Eta ez al dira egun hauek horretarako bereziki aproposak…
Hasia da Eguberrietako kulturaldia. Eta hor gabiltza gu, eskaintzari nola aurre egiten asmatu gabe, ekitaldi interesgarri asko galtzen ditugulakoan, horixe azpimarratuz lagun arteko giroan, kopa altxatu eta txin-txin egiten dugun bitartean.