Udazken betean sarturik, negu gorriko eguraldia dugu protagonista, horrek errepideetan sortzen dituen arazoekin. Gasteiz aldera begira, Urkullu dugu asteko pertsonaietakoa, Ajuria Eneko bulegoan segitzeko aukera izanen baitu. Oinatz Bengoetxea eta Jokin Altuna ahantzi gabe, noski, igandean lau eta erdiko final interesgarria jokatuko baitute.
Horiek guztiak kontuan hartzekoak badira ere, niretzat asteko protagonistarik handiena txikiena da: Ane, herenegun, Donostiako zakarrontzi batean aurkitu zuten haur sortu berria.
Hiltzera kondenatuta, egun bakarreko bizitzak eta bi kilo eta erdik ematen duten indar apur osoaz baliatu zen bizi nahi zuela adierazteko. Hitzik gabekoek duten modu bakarra erabili zuen, noski: negarra. Zakarrontzia itxita egonagatik, lagun batzuek haren aienea sentitu zuten, eztarriz ongi zebilen seinale. Santa Zezilia egunaren bezperan sortua denez, eztarri finekoa izatea ez da hain harrigarria.
Kontua da zabor artean hiltzera kondenaturiko haurra ederki dagoela. Anek sekula ez du jakinen, baina asteko protagonista txikiena izan da. Eta niretzat, handiena aldi berean.