Nik ez dakit Nafarroak, noizbait, Nobel saridunik emanen ote duen. Hala balitz, izabar batek jasoko lukeela ematen du: Pedro Migel Etxenike fisikaria, aurtengo Nafarroaren urrezko domina jasoko duen berbera. Egun seinalatuan emanen diote: abenduaren 3an, Nafarroaren eta euskararen egunean. Bestea, Nobel saria, oraindik ez. Etxenikek berak esana du noiz emanen dioten: seigarren errenkarnazioan.
Izabarra fisikari oso ona omen da berean, berea zer den ulertzea zaila bada ere: materia kondentsatua, edo holako zerbait.
Horretan jakintsu handia da, dudarik gabe. Baina merituak aipatzen hasita, nik neuk frogatutako bat azpimarratuko dut. Hirutan izan naiz Etxenikeren hitzalditan. Eta hirurak ziren, noski, fisikaren ingurukoak.
Bada, zin degizuet, beti aho zabalik entzun diodala. Ulertu ez dakit, baina gozatu egin dudala bai, hori badakit.
Ikasle nintzenetik Fisika, Kimika eta antzeko guztiak niretzat oso gai ilunak eta desatseginak direla kontuan harturik, ni bezalako entzule bat aho zabalik uzteagatik, Etxenike komunikatzaileak Nobel saria mereziko luke.