Atzo telebista piztu eta aspaldi ikusi gabeko pertsonaiarekin topo egin nuen. Nor eta Barrionuevo barne ministro ohia. Azkar zihoan, ez dakit nora, sozialisten bilera batera agian. Kazetariak mikrofonoa hurbildu zion, Rajoy presidente eginen duen sozialisten abstentzioaz galdetzeko. Oso ongi iruditzen zaiola esan zuen.
Aspaldi ikusi gabeko pertsonaiek protagonismoa hartu dute sozialisten krisi sakonean. Gogoratu Barrionuevo ministro egin zuen Felipe Gonzalezek piztu zuela Pedro Sanchezen aurkako eta PPren aldeko kanpaina.
Gonzalez eta Barrionuevo, a ze parea! Duela 18 urte, elkarri besarkada emanez ikusi genituen, Guadalajarako kartzelako atean. Ministroa barnera zihoan, terrorismo gaietan kakazturik zegoelako. Gonzalezek, noski, ministroa babestu nahi izan zuen.
Nik ez ditut batere gustuko beldurrezko pelikulak.
Horregatik, barne ministro ohiaren irudia ikusi eta berehala telebista itzali egin nuen.