Teknologia berrien alde onen artean, honakoa: hitzaldi interesgarriak etxetik ikusteko aukera.
Lehengo egunean, Gogoa Foroak gonbidaturik Joaquin Estefanía kazetari eta ekonomialaria Iruñera etorri zen krisiak eragindako ondorioez hitz egiteko, eta “Estos años bárbaros” liburuan esandakoa laburbiltzeko.
Hitzaldira joateko aukerarik ez nuen izan. Handik egun batzuetara Gogoa Forokoek bidalitako bideoa jaso eta ikusi egin nuen, hasi eta buka, gustura.
Konklusioa: hau ez da krisi bat, hau banaka batzuen aldeko iruzur nazkagarria da.
Argi mintzo da kazetaria. Hori bezain argi dago garai batean zuzendu zuen El Pais egunkaria non eta norekin dabilen: egoera tamalgarri honetatik etekina atera dutenekin bat eginez. Seguru asko etxekoak dituelako, akziodun.
Gaurko alea horren isla. Badakizue zein den albiste nagusia? Bai, atzo Madrilgo Complutense Unibertsitatean Felipe Gonzalezi eta Prisako buru Juan Luis Cebriani eginiko boikota: azaleko titular nagusia, bi orri osorik, kronika eta iritzi artikuluekin, eta editoriala.
Hori ere bestelako krisi larri baten isla da: kazetaritzarena. Beste egun baterako utziko dugu.