31 eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2016ko urr. 6a, 10:01

Atzo, telebistan, PSOEko Gestorako kideen irudia ikusi nuen. Mahi batean jarrita zeuden, pozik, barrezka. “Hori, hori, eutsi goiari!”, pentsatu nuen. Umorea ez da sekula galdu behar.

Hurrengo irudian PPko buruetako bat agertu zen, sozialisten abstentzioa ez dela aski nabarmentzeko. Aurrekonturik gabeko gobernu batek ezin du deus egin, gehitu zuen. Ulertu nahi duenak uler beza.Ondoren sozialisten erantzuna heldu da: PP ez dago deus eskatzeko moduan. Hori ere umoretik baizik ezin da ulertu.

Harrigarria eta etsigarria ere bada: goitik behera kakazturik egon arren, PP indartsu dago, inoiz baino indartsuago. Eta sozialistak, berriz, sekula baino hondoratuago, eta zulotik ateratzeko aukerarik gabe. PPk eskatutako guztia onartzen ez badute, hauteskundeak. Hauteskundeak eta, agian, PPren gehiengo osoa. Musean horri 31 eskutik esaten zaio: hordagoka hasteko beldurrik ez, beraz.

Sozialisten eta Podemosen azken hilabeteotako ibilbidea ikusita, begi bistakoa da: PPko argienak ere nekez antolatuko zuen eskuindarrak indartu eta besteen deskalabrua lortzeko estrategia hoberik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!