Hauteskundeak egin zirenetik urte betera, aste honetan aldaketa politikoa hizpide izan dugu komunikabideetan. Ez da azken hilabeteotako aldaketa bakarra. Pilotazaleendako aste nagusian bada aipatu beharreko beste bat: pilotan gertaturikoa.
“The times are changing” (Garaiak aldatzen ari dira). Bob Dylanek esan zigun hori, duela berrogeita hamar urte, kantu ospetsu baten bidez: Gu nafar politikarako baliorik gabea zelakoan, arrazoi zuela ikusi dugu. Pilotan ere, beste horrenbeste. Betikoak kanpora, berriak protagonista.
Txokokeria hain gustuko dugunez, hemen urtetan lehenbiziko aldiz nafarrik gabeko finala jokatuko dela azpimarratu da. Nik beste zerbait azpimarratuko nuke: zorionez, pilotari gazteak atzetik datozela, lekua eginez.
Nik pilota partida bat ikusten dudan bakoitzean, ahularen alde egiten dut. Igandekoak hori ere alde du, inork ez baitaki nor den faboritoa. Urrutikoetxea txapeldun argi eta hotza edo bere pilotakada izugarriekin harritu gaituen Irribarria gaztea. Igandean ikusiko dugu, nafarrik gabeko final interesgarrian.