Nafarroako elikagaien Bankuko ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten herenegun, ekainaren hasierako bilketa bereziaren berri emateko.
Kazetari batek janari bila joaten den jende motaz galdetu zien. Bankuko jendeak esan zuen garai batean, etorkinek erabiltzen zutela zerbitzua. Ondoren, krisia larriagotu eta jende askok lanpostua galtzean, bertakoen kopurua handitzen hasi zen.
Eta orain talde berri bat dago: langileak, langile pobreak. Gero eta langile gehiago joaten dira elikagaien bankura, seiehun euroko soldatak ez baitu ematen gutxieneko duintasunez bizitzeko.
Krisiak ekarri dizkigun lotsagabekerien artean, hori ere azpimarratzekoa da. Gaur egun, posible da lanpostu bat izatea eta pobrezian bizitzea.
Duintasuna eta lan baldintzak bide ezberdinetatik baldin badoaz, hemen zerbait oso larria gertatzen ari den seinale. Hori onartzen duen gizartea gaixorik dago. Eta elikagaien bankuen lan txalogarriak ez du arazoa konpontzen.