Ogasunarekin kontuak egiteko garaia datorkigu. Azken urteotan bezala, eginda bidaltzen didate niri. Eta eskertzekoa da, niretzat gorrotagarria baitzen paperak bildu, zita eskatu eta aitorpena egitera joatea.
Aitorpena, bitxia hitza. Guk, soldatapekook, ez dugu aitorpenik egin behar, bekaturik ez dugulako. Bekatariak dirua hartu eta munduan barna ibiltzen dutenak dira, Suitzatik Panamara eta buelta, hemen noizbait zurituko dutelakoan. Beti ere, penitentziarik bete gabe, PP eta PSOE horretan beti laguntzeko prest baitaude.
Azkenik, niretzat huskeria ez den kontu bat. Ogasuneko zuzendari jaunak bidaliriko idazkia gaztelania hutsean dago, UPNren garaian bezala. Bekatuez ari ginenez, hori ere azpimarratu nahi nuen.