Bachen emazteak honela zioen: “Nik ez dakit zer daukan nire senarraren musikak, baina badakit musika hori entzutean jendeari bihotz oneko izateko gogoa pizten zaiola”.
Hori hala bada, eta mundu honetan gertatzen direnak ikusita, Bachen musika ahalik eta gehien hedatu beharko genuke. Eguberrian haren Gabonetako oratorio zoragarria, Aste Santuan Pasioa San Mateoren arabera, gainerako kontzertu eta kantatak ahaztu gabe, noski.
Pasa den igandean, Monteverdi Abesbatza eta English Baroque taldeko bakarlariek Pasioa San Mateoren arabera obra eskaini zuten Iruñean, Baluarten, John Eliot Gardineren zuzendaritzapean. Orfeoiko neska talde bat ere aritu zen kontzertuko hainbat zatitan.
Nik ere ez dakit zer daukan musika horrek, baina badakit baduela zerbait, badakit barnera sartzen zaigula, eta hunkitu egiten gaituela.
Igandeko kontzertua amaiturik, musikaz asko dakien etxe honetako kolaboratzaile ospetsu batekin topo egin eta amaieran negar egin zuela aitortu ondoren, hauxe esan zidan: zerua ukitu dugu.
Ez dakit zerurik ote dagoen, ez dago hori froga dezakeen teologorik. Agian hori frogatzetik hurbilen dagoena Johann Sebastian Bach musikari handia da, pasa den igandean Iruñean erakutsi zigun bezala.