Pozgarria da Spotlight filmak pelikula hoberenaren Oscar saria irabazi izana, batez ere kazetaritzan sinetsi nahi dugunentzat.
Norbaitek esan zuen: agintariren batek esku artean duzun informazioa ezkutatu nahi badu, beste frogarik ez duzu behar. Eman beharreko albistea da hori, dudarik gabe.
Spotlight filmak islatzen duen egoera gaurko errealitatetik urrun dago. Egunkari gehienek ez dute ikerketa lantzen, bi arrazoirengatik: batetik, garestia delako eta, bestetik, agintari edo botere handiko jendearen aurka egitea beti arriskutsua delako.
Egunkariek krisi larria bizi dute: papera gero eta gutxiago saltzen da eta Internetek ez du dirurik ematen. Beraz, ataka honetatik nola aterako diren asmatzea zaila da.
Dena den, bizirik aterako badira, egunkariek aipaturiko aginduari eutsi beharko diote: agintarien gezurrak salatu eta ahulen alde egin. Asmatzeko bide hoberik ez dago, horixe baita kazetaritzaren funtsa.