Hemen festak aipatu eta Sanferminak datozkigu gogora, baina urtean barna badira beste asko. Festa txikiak, xumeak eta xarma berezikoak. Otsail hasierako egunotan ditugu horietako batzuk: San Blas atzo, San Nikolas plazako opil eta gozokiekin. Tradizioak dioenez, eztarriko mina uxatzeko opil eta gozoki horiek jatea bezalakorik ez dago.
Eta eztarriz sano dabiltzanak kantari ibiliko dira gaur, karrikaz karrika, Santa Agedaren omenez.
Baten batek esanen du gure festa egutegia santuen esanetara egina dagoela, eta hala da. Dena den, oso santu ez garenok ere gustura jaten dugu San Blas eguneko opila, eta gozatu egiten dugu euskal kantuen oihartzuna Iruñeko karriketan barreiatzen delarik.
Esan bezala, neguaren erdian ere bada xarma handiko festez gozatzeko aukera. Gaur, Santa Ageda bezperan, horietako bat.