Lan egunetako ohiturari jarraituz, atzo bazkaltzen ari nintzela irratia piztu nuen. Irrati hau bera, goizeko tertuliaren zati bat entzuteko.
Geroa Bai eta Bilduko ordezkariak ari ziren solasean, Imanol Haranbururen kargugabetzeak piztu duen tirabiraz, polemikaz edo krisiaz, ez dakit hiru hitzetatik zein aukeratu. Eztabaida nahiko sutsua izan zen, bi koalizioen arteko gorabeheren ispilu.
Eta zer nahi duzue esatea… nik eskertu ere egin nuen tonua. Holako tertuliak entzutera ohituta, tonu berria zen hori, orain arte sekula entzun gabea. Agian, Barcinak aise batzen zituelako batzuk eta besteak, bereziki euskaldunak, bereziki irrati honetan parte hartzen zuten tertulia-kideak. Guztiak haren aurka. Eta beraien artean, oso atsegin, atseginegi agian.
Aldaketa heldu da, eta aldaketarekin batera tentsioak. Ez da deus pasatzen, politika horixe baita: tentsioak naturaltasunez onartzen eta kudeatzen jakitea.