Orain ez da Kordobillako egunkaria gobernuari loturiko albisteak aurreratzen dituena, Uhartekoa baizik. Atzo Alvaro Baraibarren izena azalera eraman zuen, Gobernuak egin gabe zuen izendapen zailenerako aukeratuko zuela jakinarazteko: bizikidetzaz arduratzeko. Bezperan jakin genuen hurrengo eguneko albistea.
Noticiasek albistea eman eta Baraibarrek irrati honetan hitz egin zuen, lehen aldiz, erronka berriaz, karguaz jabetu aurretik. Nahiz eta ondoren damutu eta grabazioa ez ematea eskatu, komunikabide guztiei aukera bera eta aldi berean emateko.
Oraindik harrigarria iruditzen zaigu holako primiziak Uharteko egunkariaren bitartez jakitea, eta are harrigarriago izendatu berriak lehen adierazpenak non eta Euskalerria Irratian egitea.
Kordobillako egunkaria oposizioarekin bat eginez; Uhartekoa gobernuaren alde; eta agintari gehienak Irrintzi dorreko irrati honetan euskaraz, naturaltasunez.
Gobernuak irauten badu, ohitu eginen gara. Eta hori seinale ona izanen da. Bitartean, ordea, aldaketa giro honetan horixe iruditzen zait niri aldaketa interesgarrienetakoa.