Irakurtzea dut eguneroko eginkizun nagusienetakoa. Irakurzalea izanik, hori pagotxa dela pentsa dezakezue.
Baina ez da horrela, irentsi behar dudan literatura klasea oso berezia delako. Berezia eta ez oso erakargarria. Zenbakiz eta kontzeptu itsusiz beterik dago: balantzea, aurrekontu emaitza, diruzaintzako gerakina eta antzekoak.
Horregatik, holako literaturarekin hiru orduz lanean aritu ondoren, lantegitik hurbil dagoen bigarren eskuko liburu denda batera sartzea bezalako plazerik ez dago. Sartu, kuxkuxeatu eta libururen bat erosi, hiru euroan. Merkea izateaz gain, baliteke barnean balio erantsia ematen dioten azpimarrak aurkitzea, edo auskalo nork idatziriko iruzkinak.
Eta hortik bulegora itzuli, ohiko literaturarekin segitzeko, baina indarberriturik, lanaldia amaituta bestelako irakurketaz gozatuko dugulakoan.
Liburu-denden kopurua gutxitzen ari den garai honetan, pozgarria da ikustea batzuek horrelako negozio baten aldeko apustua egiten dutela, non eta lantegitik pare bat minutura.