Irailak 17, oraindik udan, bai, baina ez benetakoan. Izan ere, benetako udan eskolak itxita daude, jendea ez da presaka eta korrika ibiltzen, eta Euskalerria Irratian ere festa ematen digute astean behin telegrama egiten dugunoi.
Hasia da, beraz, denboraldi berria: eskolan, unibertsitatean, irratian, Parlamentuan…
Kurtso berriaren hasiera garai aproposa da aurten ere beteko ez ditugun helburuak finkatzeko. Horri esker igotzen da Akademietako ikasle kopurua edo gimnasioetan izena ematen dutenena.
Gizakia tematia da. Uste baino gehiago delakoan, neurriz gaineko helburuekin amesten du. Stevensonek argi esan zigun oso gustuko dudan testu batean: gizakia oso ahula da. Horregatik, kontuz ibili helburuak finkatzerakoan seguru asko ez baitituzu lortuko.
Eskoziarraren ustez, gure bizitza laburbiltzeko esaldi bat aukeratu beharko bagenu hauxe litzateke egokiena: hemen datza helburu onak izanagatik, lan gutxi egin eta porrot asko ezagutu zituen gizon-emakumea.
Horixe pentsatu dut nik gaur goizean, ordenagailua piztu eta ingelesezko irakaslearen mezua jasotzean: aurten ere, azken hiru urteotako maila berean segituko dut.