Hauteskundeen bezperetan Joan Manuel Serrat Iruñean izan zen, Baluarten. Ez dakit katalanak ´´De vez en cuando la vida“ kantatu zuen, baina azken egunetan askotan etorri zait gogora kantua.
Serratek dioena egia da: noizean behin, bizitza gure alde jartzen da. Gugana etorri eta ahoan muxu luze-luzea eman eta plazeraren plazerak zorabiaturik uzten gaitu.
Nafarroan horrela dago jende asko: goizero esnatu eta ametsa ez dela egunsentiarekin batera amaitu frogatu behar du.
Pozez txoraturik daudenak ez ezik, besteak ere berdintsu daudela iruditzen zait. Goizero esnatu eta amets gaiztoa egunsentiarekin batera amaituko den itxaropenari eutsiz.
Serratek arrazoi zuen: noizean behin bizitzak ahoan muxu luze eta goxoa ematen dizu. Ongi dago etorkizuneko balizko ekaitzak gogoan hartzea, baina, nire ustez, sekula holakorik jaso gabeek orain, batez ere, muxuaz gozatu, horixe egin behar dute, horretarako eskubide eta beharra daukatelako.