Bihar, gauerdian, agur esanen diogu inoizko hauteskunde kanpaina luzeenari. Atzera begira jarri eta gogoratu noiz hautsi zen UPN eta PSNren arteko gobernua: 2012ko ekainean. Bada, ordutik gaude hauteskunde kanpainan. Duela hiru urtetik.
Aldaketa bai ala ez. Horrela laburbil daiteke kontua, hori da oraingo gakoa. Jende askok argi ikusten du aldaketaren beharra. Galdera da aldarrikapen hori batzuek uste bezain zabaldua ote dagoen. Aldaketa nahi duten politikari eta komunikabideek diotenez, nolabaiteko aldarri ozen eta zabal bat dago gizartean UPN gobernutik kentzeko. Kontuz geure buruari esaten dizkiogun gezurrekin.
Jendeak badaki nork ekar dezakeen aldaketa. Beraz, nahi hori hain nabarmena balitz, Geroa Baik, Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak gehiengo argia lortu beharko lukete igandean: hogeita hamar, hogeita hamabost parlamentari. Eta ez da hori gertatuko, inondik ere. Lau horien artean hogeita seira heltzea posible bai, baina zaila da. Aldaketa nahia hain argia ez den seinale