Nafarroako Unibertsitate Publikoak errektore berria du atzotik: Alfonso Carlosena. Zorionak eta desio bat: asma dezala hurrengo lau urteotan, hori guztion mesederako izanen baita.
Hainbeste ergelkeriatan dirua xahutu ondoren, argi esan daiteke Nafarroako Unibertsitate Publikoa dela azken hamarkadetako inbertsiorik hoberena. Hemerotekara joan gintezke orain, laurogeiko hamarkadan batzuek eta besteek unibertsitate publikoaz ziotena gogoratzeko. Ikusteko nor aritu zen proiektuarekin gogotsu eta nor frenoa jarriz. Hori ere esanguratsua izan daiteke.
Baina, tira, aspaldiko kontuak alde batera utzita, aurrera begira dezagun. Merezi du unibertsitatearen aldeko apustua egitea, beti ere kudeaketa kontrolatuz eta emaitzak eskatuz, irakasle eta ikasleei, batzuen soldatak eta besteen matrikulak guztiok ordaintzen ari baikara.
Horren truke, noski, epe luzeagoko finantziazioa bermatu behar da, unibertsitatea etorkizunari begira jar dadin: medikuntza eskaintzeko, agian, ikerkuntza bultzatzeko eta euskararen aldeko benetako apustua egiteko.