Soraya Saenz de Santamaria Iruñean izan zen lehengo egunean. Jakina denez, Nafarroako Partidu Popularra kili-kolo dabil UPNtik banandu eta gurean berriro martxan jarri zutenetik. Pentsatzekoa da Espainiako presidenteordearen bisitak Nafarroako PPkoei hauspoa ematea zuela helburu.
Behin Madrilgo izarra ekarrita, PPkoek kazetariei deitu zieten. Gonbidaturik zeuden politikarien hitzak entzutera, baina hura galderarik gabeko prentsaurrekoa zen. Galderak debekaturik zeuden.
Ondoren, Saenz de Santamaria bigarren zabalguneko merkatura joan zen, ondoan Zalba europarlamentarioa zuela, politikariek noizean behin egiten duten antzerki lana egitera: salpostu batera hurbildu eta saltzailearekin hitz egin, atzean dituen argazkilari eta telebistakoek irudiak har ditzaten.
Lotsagabe hutsa da galderarik gabeko prentsaurrekoa antolatzen duena. Eta hori bezain lotsagabea da horren berri ematen duen komunikabideko zuzendaria. Galderarik ezin dela egin? Agur, zoazte pikutara. Eta ondoren, irratian edo egunkarian, benetako albistea eman: Gobernuko presidenteordeak ez du galderarik onartzen. Kazetari guztiek alde egin zuten, prentsa aretoan Soraya eta Zalba bakarrik utzita.
Agian, horrela noizbait ikasiko lukete: Ez bakarrik PPkoek, errespetu falta hori oraindik ere oso hedaturik baitago beste sentsibilitate politikoetan ere, baita ustezko aurrerakoienetan ere.