Maskara zaindaria

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Epaltza 2020ko mai. 6a, 13:16

Maskara dugu janzkeraren osagarri berria. Osasun etxeetan, jaun eta jabe. Denda eta saltegi barrenetan, nagusi. Karrikan ez hainbertze. Ibiltariak zenbat eta zaharragoak izan, hainbat eta ugariagoa estalkia. Gure artean geldituko da puska baterako. Hondartzetara joaten ahal garenean ere, muturrekoa jantzita egin beharko dugu, itxuraz. Meme batzuek iragarri izan digute: trikianiaren hirugarren pieza, bikiniaren ohiko biekin bat egiten duen aho-sudurren tapaki koloretsua. Maskara fashiona oraindik ez dugu Inditex dendetako erakusleihoetan ikusi, baina hori ere etorriko da. Janzki berriaren nonahikotasunez oharturik, goiz edo berant ikustekoa zen ideia, erreibindikazio edo marka baten euskarritako erabilia. Gure artean lehenbizikoa nor izanen, eta San Migelgo santutegia. Aingeru astronautaren irudia duten maskarak salgai jarri dituzte aste honetan. Arrakastaz, nonbait. Miel, Miel, Miel gurea, zaindu zaindu Euskal Herria. Eta gure osasuna, noski. Hurrengoa nork, egin apustu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!