Eulixa

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Epaltza 2020ko api. 1a, 14:25

Garai bateko Ertzainak taldea bezala, eulixa najak. Moskeatua nagoela, alegia. Gure politikari so egin eta Wallyren galdera baizik ez zait burura heldu: non dago Navarra Suma? Non UPN? Estatuan, PPk aho mehe-mehez leialtasuna hitz eman badio ere Sanchezen gobernuari, ez zaigu egunik joaten ari Casadoren gezirik gabe, Díaz Ayusoren aizkorakadarik gabe, García Egearen mailukadarik gabe. Nafarroan, berriz, Lizarrako alkatetzaren inguruko ika-mika isilduta, bake santua. Chiviteren gobernuaren erabakiek ez dio erratekorik piztu eskuineko oposizioari. Lau hipotesi ditut: lehenbizikoa, berrogeialdiak Navarra Sumako agintari guztiak etxean giltzapetu ditu, wifirik gabe eta datu guztiak gastatuta; bigarrena, azken bortz urteetako hiper mega gain-antzezpenaren ondotik, indarrak ahituta eta unaturik harrapatu ditu krisi sanitarioak; hirugarrena, Iruñeko alkate Enrique Mayaren kasua baizik aireratu ez bada ere, egiazki, guztiak daude bitxoak jota: Esparza, Sayas, García Adanero, Pérez Nievas…; laugarrena, ederra prestatzen ari dira. Eulixa najak, bai horixe. Moskeatua, alegia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!