Erretiroa 67 urte bete arte, edo are gehiago, geroratzeko perspektibak ikara sortzen digun honetan, jakin berri dut Xabier Irigaray jubilatu berri dela. Xabier Irigarayk 88 urte ditu, eta aspaldi zebilen osasunez makal. Hala ere, orain arte luzatu du bere lan aroa. Xabier Irigaray apeza da, jesuita. Euskal kulturari eta literaturari loturiko familia baten kimua. Kanpion euskaltegian eta Paz de Ziganda ikastolan ibilia. Euskalerria Irratiko kolaboratzailea. Eta urte aunitzetan Nafarroako Euskal Pastoraltzako burua. Elizari atxikitako Iruñeko eta Iruñerriko euskaldunei berak eman die sostengu eta babesa, mezatan eta bataioetan, lehen jaunartzeetan eta ezkontzetan, ospakizunetan eta hiletetan. Euskaldun bat eri edo ospitaleratu bat non, Xabier Irigaray han. Makulu eta guzti, baina han. Dena dohain, umil eta apal. Ez omen zien bere fidelei joaki zela gaztigatu. “Gero arte” erran omen zien, Iruñeko jesuiten elizan larunbatero ematen zuen mezaren –azken mezaren- bukaeran. Nonbait, Loiolan dago orain, Jesusen konpainiak bere apezendako Azpeitian duen zahar etxean. Iruñeko kristau euskaldunak umezurtzago daude geroztik.