Sortu zuzen dabil. Epaitegi Gorenak procés katalanari buruz eman duen epaiak berdintzen ditu borroka armatua eta desobedientzia zibil baketsua. Gezurra da, beraz, 80ko eta 90eko hamarkadetan sartu ziguten porrua, alegia, bide baketsua erabiliz gero edozein ideia, are independentzia ere, defendatzen ahal zelakoa. Erresumako agintari judizial gorenak zigilatu du: Espainian bederen, bidea edozein dela, helburua da gaitzestekoa eta zigortzekoa, batez ere helburua batasun sakratua haustea bada. Bi hamarkada eta gero, egitateek arrazoia eman diote ezker abertzaleari. Egitate batzuek, bederen. Izan ere, Mahai Nazionalaren epaiketak edo Batasunaren legez kanporatzeak ez zuten halako tsunami demokratikorik ekarri Euskal Herrian. Epaitegi espainolek berdinduko dituzte, agian, pistolak eta bide baketsuak. Jendeak, jende arruntak ez. Ezker abertzaleak, behin berriz, inbidiaz begiratzen zion atzo Bartzelonari.