Gaizki etorri Leitzan Nafarroako lehendakariari. Zer ulertuko genuen duela zenbait urte titular hori irakurrita? Deus ez da gehiago lehengo garaietan bezala. Maria Chivite gobernuburu sozialistari ETAk hildako guardia zibil baten alargunak egin zion gaizki-etorri. Leitzan. Hilketa gertatu zen tokian. “ETArrekin gobernatzen duzu” egotzi zion, bertzeak bertze, alargunak. Gezur biribila da, baina bat egiten du eskuinak Nafarroako Gobernua berriz galdu duenetik darabilen diskurtsoarekin. Ez nau pozten Maria Chivite orain ikusteak joan den legegintzaldian Uxue Barkos egon zen ataka berean. Gustatuko litzaidake, ordea, jakitea zer zebilkion buruan gure lehendakariari emakume minduak kargu hartzen zion bitartean. Damutuko ote zen abertzaleekin sostengatu izanaz, edo bere erabakia sendotzeko balioko zion trantze gaiztoak? Hobe horrela bada, hala baino. Zauriari materia dario oraino.