Sareetan dabiltzan iritzi eta albisteekin, begi-bistakoena ere ezbaian jartzea iruditzen zait jarrera zuhurrena. Ez dakit, beraz, astelehen gauetik hasita hor barna zebiltzan mezuak egiazkoak diren, edo troll abertzaleen lana. Mezu horien egileak kexu agertzen ziren Osasuna 1. mailara pasatu izanaz, zertaz eta hurrengo egunetan Uxue Barkosek eta Joseba Asironek hartuko zuten protagonismoagatik eta, ospakizunetan, euskarak izanen zuen lekuagatik. Mezu horien egileak probokatzaile euskaltzaleak baldin baziren, ederki ezagutzen zituen gure bizilagun antieuskaldunen kaskoan zer dabilen. Haiek erran bezalaxe gertatu baitzen: bai Barkosek bai Asironek beren momentua izan zuten ekipo igo berriarekin, eta gainera gure hizkuntzari behar zuen tornuia eman zitzaion, orain arte gertatu den guztietan ez bezala, Jagoba Arrasate entrenatzailearen bertso eta guzti. Dudarik ez dut: aukeran, Esparzak, Beltranek, Chivitek eta enparauek nahiago zuten Osasuna 2. mailako ekipoa izatea oraingoz. Larai, larai, larai… izatea oraingoz.