Izquierda-Ezkerra, Ezker Batuak eta Batzarrek osaturiko koalizioa, Nafarroako laukoaren hanka ahulena ez ezik, deserosoena ere izan da lau urte hauetan. Deserosoa, koliziokideendako, batere lotsarik gabe oposizioarekin bat egin duelarik, bereziki hizkuntza politikoaren inguruko kontuetan. Eta deserosoa, Izquierda-Ezkerra bera, Uxue Barkosek gobernua eratzean Eskubide Sozialetako departamentua eta lehendakariordetza oparituta ere, inoiz ezkutatu ez duelako abertzaleekin agintea partekatzea ez zela bere ametsezko egoera. Izan ere, behin baino gehiagotan adierazi du, batzuetan aho-azpiz, bertze batzuetan ozenago, erosoago egonen litzatkeela “kontu identitariorik gabeko” gobernu batean, hau da, PSNrekin eta Podemosekin bakarrik. Hori kontuan hartuta, are indar handiago du Ezkerrak atzo egindako iragarpenak. UPNren eta PPren arteko koalizioa oztopoa bada Esparzak PSNren botoak bereganatzeko, egon trankil, koalizioak 5 minutu ere ez baitu iraunen, sozialista nafarrak erabakigarriak izanez gero. Aunitzek pentsatzen duguna Ezkerrak errana: UPN agintera itzultzea nahi baduzu, botoa eman PSNri.