"Vascoa" delako

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Epaltza 2019ko ots. 20a, 12:33

Noski, Euskalerria Irratiko entzule gehienek ez dakite Chon Latienda nor den. Chon Latienda Gareskoa da eta UPNko militantea. Alderdi horretako Batzorde Betearazleko kidea izan zen, 2011n dimisioa eman zuen arte, protesta egin nahirik hauteskundeetan PPrekin batera joan zelako. Barcinak alderdi barnean zuen kontrario zorrotzenetariko bat zen garestarra. Egun, “Diario de Navarra”ko ohiko kolaboratzailea dugu eta sareko txiolari gogorra, gogor adjektiboaren adiera guztietan. Zerrenda luze batek osatzen dute Latiendaren zirien hartzaileek: abertzaleek, oro har, Barkos lehendakariak, Asirón alkateak, Bakartxo Ruiz parlamentariak, euskaldunek, oro har, Podemoskoek, Sanchez lehendakariak eta bere sokako sozialistek, independentista katalanek, feministek, Espainiako zinema munduko jendeak… baita, gutiagotan izanik ere, PPk, Ciudadanosek eta, aspaldi honetan, Voxek ere. Eskuin muturrak UPNri kentzen ahal dizkion botoengatik kezkaturik dago, nonbait, Latienda iritzi emailea. Lehengo egunean, txio batean bateratu zituen bere obsesio zaharrak eta berriak. Zergatik kendu nahi du Abascal Voxeko lehendakariak Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa? Errz-erraza: Abascal amurriotarra “vascoa” delako eta “vascoa” denez Nafarroa ito nahi duelako. Harrapazank. Pazientzia beharko dugu. Ikaragarriak adituko ditugu hurrengo asteetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!