Deialdiarekin bat egin, baina azkenean etxean gelditu. Halaxe egin zuen Javier Esparza UPNko lehendakariak joan den igandean. PP-Ciudadanos-Vox hirukoak deitutako manifestazioari sostengu eman, baina bere bigarrena bidali, ordezkari. Nonbait irakurri dut maiatzeko hauteskundeetan UPNko zerrendaburua izanen denak ez duela nahi izan Casadorekin, Riverarekin eta Abascalekin batera atera gero norbaitek aurpegiratzen ahal dion argazki batean. Ez dakit hala den. Garbi dago UPNk eskuinaren putzu guztietan arrantza egiten segitu nahi duela, eskuin muturrarenean, botoak Voxera joan ez daitezen, eta eskuin zentristagoarenean, PSN izan ez dadin bere boto galeraren onuraduna. Gainera, gero eta sinetsiago nago UPN gehiago kezkatzen duela Voxen igoerak, bertze deusek baino. Sanchezen kontrako manifestazioarekin bat eginagatik ere, UPNk adierazi du segitzen duela hurrengo hauteskundeen ondoan PSNrekin konpontzeko prest. Harrigarriki, PSNk ez dio erabateko ukorik egin posibilitate horri, manifestazioagatik ere. PSNk, beraz, prest segitzen du Ciudadanosekin batera, UPN buru izanen duen gobernu bati sostengu ematera. Festa lardaskatzen ahal dien bakarra Vox da, ordea. Hau da, Voxen botoak erabakigarriak izatea, sozialistek nekez emanen baitiote baietza eskuin-muturraren ohekidetasuna behar duen menageari. Nahiz eta hori ere, ikusteko dagoen.