Albert Riverak ez zuen forua aipatu, asteburuan Iruñera etorri zenean. Desegin egin nahi du, baina UPNrekin moldatzeko traba izan daiteke bere antiforalismoa. Ciudadanosek UPNrekin gobernatu nahi baitu Foru Komunitatea ekainetik aitzina. UPNrekin gobernatu, PSNren laguntzarekin. Eta PSNk baietzik ez, baina ezetzik ere ez du erran. Inork dudarik ba ote du zer eginen luketen sozialista nafarrek hauteskundeetako emaitzek horretarako aukera emanez gero? UPN ere, isilik. Alderdi foralista aise ezkonduko da alderdi antiforalistarekin, agintea berreskuratzeko bada. Rivera joan zen, eta bihar Abascal heldu. Iruñeak iman batek bezainbat erakartzen ditu eskuin espainiarraren buruzagiak. Ehun euro baietz Casado berriz ere agertu udaberria baino lehen. Esparza kontuan hartu gabe, horrek ez baitu bidaiarik egin behar. Aizue, Espainiaren hainbertze predikari behar ote ditu Nafarroak? Espainiartasuna hain dago kolokan Nafarroan? Beharbada seinale ona da eta ez gara jabetzen ari. Alderdi on bat ikusteagatik, diot.