Gore herria

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Epaltza 2019ko urt. 30a, 13:13

Irudiak twitter bidez ailegatu zaizkit. Karroza baten gibelaldean bortz giza ipurdi, lerro-lerro, bata bertzearen gainean, eta orgaren goi aldetik bi gizaseme botilak husten. Errekaxka ipurdiz ipurdi doa beheiti, mazelaz mazela, uzkiz uzki, turrusta jostari, behean norbaitek bota zahar batera bildu eta inguruan dauden lagunei edatera ematen dien arte. Karrozan, kartel batek dio: TXOTX. Aurtengo sagardo denboraldiaren iragarkia balitz, pentsatuko genuke gure publizistek behialako Benetton-ena egin nahi izan dutela, inpaktu eta polemika bila. Madrilgo Arcon, berriz, euskal arte eskola berriaren eskultura biziduna izanen litzateke, eta eztabaidan ariko lirateke orain kritiko jakintsuak, estetikaren eta probokazioaren arteko harremanez. Edinburgoko jaialdian, abangoardiako ikuskizuntzat hartuko lukete beharbada, black metal doinuek edo muturreko elektronikak lagunduta. Gure mendialdeko inauteri erruraleko pasarte eskatologiko bat baizik ez da, ordea, ipurmasail zutabe hori. Broma bat. Basa samarra, aukeran, baina irudimen ezin ukatuzkoa. Edo nahiago baduzue, irudimentsua izanik ere, basa samarra aukeran. Zeren zuk, entzule edo irakurle, zer ikusten duzu? Tradizio berritua edo zakarkeria hutsa? Euskalduntasunaren gailurra edo kontu lotsa-emangarria? Irudiak lagun talde bati bidali dizkiot, mezu hau gehituta: “goitik hasita bigarrena nirea da”. Eta hartzaileetariko batek erantzun: “Benetan?” Horretarako gauza ikusten ninduen. Ilusio pixka bat egin dit. Gore herria! Gore.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!