Arrisku

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Epaltza 2018ko aza. 28a, 12:37

Hiru aldiz jo nau auto batek bizikleta Iruñean ibiltzeko ohiko ibilgailu bilakatzeko erabakia hartu nuenez geroztik,. Bat zebrabide batean izan zen. Egun argia zen, barearen abiaduran nindoan eta hala ere ez ninduen ikusi. Bertze batean, baterian aparkaturik zegon ibilgailuak harrapatu ninduen atzeraka ateratzen ari zenean. Orduan ere ikusi ez ni. Egun hartan ikasi nuen galtzadara jalgiz gero, seguruena erdi-erditik joatea zela. Joan den astean ere, aitzinean eta gibelean neramatzan argiengatik ere ikusezina izan nintzen biribilgunean sartu zen kotxeko gidariarendako. Hirugarrenean behin betikoa, erran ohi da. Baina orduan ere kale. Saihetsa, aldaka eta besoa urdinduak izan arren, aste honetan bi gurpilen gainean abiatu naiz berriz. Hori bai, txaleko erreflektantea erosi dut eta neoizko iragarki baten itxura ematen didate erosi ditudan argi osagarri guztiek. Bai, tematia naiz eta, seguru aski, ez hagitz zuhurra. Iruñeko Udalak iragarri duenez heldu den urtean espaloietatik galtzadara jaitsi beharko dira tirripita edo txirringa guztiak. Jadanik bi ohiko erabiltzaileri aditu diot bizikleta traste gelan sartuko dutela ordenantza berria indarrean jartzen den egunean. Nik arrisku-kirolak maite ditut, baina hori ezin zaie txirrindulari guztiei eskatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!