Garai batean, epaile baten epaiaren kontra agertzeak zure kontrako epaiketa ekartzen ahal zuen, eta zu zeu epaitua izatea. Desmen egitea erraten zitzaion horri. Edo men ez egitea. Edo desakatu. Gaur egun delitu hori desagertu da kode penaletik, baina horrek ez du erran nahi epaileei gustatzen zaienik epaituak izatea, modu sinbolikoki epaituak bada ere. 2016ko Sanferminetako bortxaketaren epaiketan Nafarroako Auzitegiak emandako epaia ez da zer esana pizten duen lehenbizikoa. Erabaki judizial aunitz izan dira hemen ika-mika iturri. Halako erreakzio masiborik, erabatekorik, sentiturik, ordea, inoiz ez dugu ikusi epaiketa baten kontra. Eta horrek boterea lekuz kanpo harrapatu du. Politikari batzuek karrikarekin bat egiteko plantak egin dituzte. Simulazioaren profesionalak dira. Bertze batzuk oraindik sinetsi ezinik dabiltza. Mobilizazioak sistemaren kontrako mugimenduei leporatu dizkie Galvek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko buruak. Beharbada arrazoia du, sistema jartzen baitute kolokan, bete-betean gainera.