Ez dakit Euskalerria Irratiko entzuleek jakinen duten nor diren Amaia eta Alfred. Bai, jaun-andreak, Operación Triunfoko irabazleak. Bai, neska-mutilak, heldu den maiatzean Espainiak Eurovisiónera bidaliko dituen ordezkariak. Seguru aski ez duzue jakinen, eta horregatik nik kontatuko dizuet, Alfredek 21 urte dituela, eta Amaiak 19, eta ez zutela elkar ezagutzen Operación Triunfora joan zirenean, baina han Akademia delakoan bion arteko kimika sortu zela, agertokian eta agertokitik kanpo, eta orain bikote direla, bikote artistikoa eta bikote bertzelakoa, eta biak guapo-guapoak direla, eta sekula irriñoa dutela eta zoragarri kantatzen dutela, eta argazki kamerek maite dituztela eta noranahi joaten direla guztiek ikusi nahi dituztela, eta entzun, eta seguru aski aurten bai, Espainiak badituela aukerak bikote ideal eta monísimo honekin irabazteko… Baina, beti badago baina bat, eta hara: Alfred katalana da, eta, letxe, berak dio ez duela inoiz erran independentista denik, baina zer erran nahi du erraten duelarik berak ez duela inoiz erran independentista denik, eta Amaia nafarra, eta jode, nafarrak aspaldi honetan… eta gainera izen horrekin, nahiz eta, beharrik, ez den euskalduna, baina erran du euskara ikastea gustuko litzaiokeela, eta joder, eta hara non Alfredek zer erregalatuko Amaiari San Jordi dela-eta, arrosa batekin batera liburu bat, eta liburu hori zer eta Albert Plaren “España de mierda”. Eta ostia, jadanik ez dira hain monisimoak, eta hain idealak, eta beharbada ez dute hain zoragarri kantatzen, eta….