Euria

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Epaltza 2018ko api. 11a, 12:32

Tira, tradizioak euria agintzen du San Miel Aralarkoa Iruñera etortzen den egunean. Tradizioaren agindua ote da aurreko lauretan hogeita hamar egunean ere euria egitea? Eta ondoko lauretan hogeita hamar egunean ere bai? Hemen, eguraldiaz mintzatzen gara zertaz mintzatu ez dakigularik. Eta hemen diot, munduko bertze bazter batzuetan inor ez baita eguraldiaz mintzatzen, eguraldiak ekarritako ezbeharren bat aipatzekoa ez bada. Zilegi bekit, ordea, gaur Katalunia eta Altsasu bazter uztea, politika forala eta mundiala, euskararen oraina eta euskaldunen geroa. Hazgalea ematen diguten gaiaz mintzatzen gara eta niri, dagoeneko, eguraldi zakar honek ematen dit hazgalea. Apirilaren erditsuan gaude eta honek urtarrila ematen du. Belarri barrenean goroldioa ateratzen ari zaigu eta etxe barnean ezin berogailuari bakerik eman. Eta okerrena, iragarpenetan ez da epe motzerako aldaketa handirik ikusten, igandean edo, halako leihotxo tiki irekiko bazaigu ere. Duela urte guti batzuk Iruñea eta Mordor iluna berdintzen zituzten pegatinak atera ziren. Ez dakit aurten zerekin parekatuko dugun hiri hau. Parlamentuan, oposizioak luze gabe eskatuko du Nafarroako lehendakariaren agerpena, azalpenak eman ditzan. Euria ere Uxue Barkosen errua baita. Eguzkia agintzen duenak irabaziko ditu hemen hurrengo hauteskundeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!