Joan zaigu Stephen Hawking. Gure mendeko adimen azkarrenetarikotzat jo izan da astrofisikari britaniarra. Zientziari ekarpen iraultzaileak egiteaz gain, bera zen, bere izatea, zientziarendako ekarpena. Bere eritasuna duen inork ez du hain bizi luzerik izaten. Bizitzeko borondate irmo eta ikaragarria gabe ez da halakorik lortzen. Eritasunak dena andeatu eta desegin zion. Dena, burua izan ezik. Haren umorea da lekuko. Gaur goizean, amaraunean, haren omenez jarri diren argazkietariko batean The Big Bang Theory telesail umoretsu ezaguneko protagonista gazteekin agertzen zen, irribarretsu , bere itsusitasunean eder. Umorea eta buru-argitasuna eskutik lotuta joaten dira, umore eza eta ergelkeria joaten diren bezala. Joan zaigu Stephen Hawking. Bat egin du honezkero berak hainbertze gogoetatutako unibertsoarekin. Lan ederra eginda, baina ez guztia. Nafarroako kanalerako UPNk emandako dirutza zein zulo beltzetara joan den argitu gabe joan zaigu Stephen Hawking.