Iruñeko merkatariak, gerlan. Inoiz deusen kontra altxatu ez direnak, matxinadan. Landetako edo Biarnoko ahateek nahi luketen irensteko ahalmena baino handiagoa izan dutenak, iraultza antolatu nahian. Isil-isilik hartu zuten Corte Inglesen etorrera. Ja ere ez zuten erran Iruñerriko paisaia antzaldatu duten azalera komertzial erraldoi guztiak eraiki direlarik. Eta hara non, heriotza ikusten dute hiru karrika txarretatik autoak kanporatu eta oinezkoendako utzi direlakoz. Azken beltza omen da, azken kolpea. Eta azken kolpearekin bai, oihu, UPNren eta Tabernaren saltsa loditzen. Diario de Navarra baizik ez dute irakurtzen, uste baitute gehiengo soziala alde dutela. Eta beharbada, beren buruaren kontra ari dira harrika.Amabilizazioan ez da dena urre izanen, baina ni nekez sartuko naiz amabilizazioaren kontrako txartela erakusten duen denda batean. Haiek ere noizbait hasiko ahal dira beren bezeroekin amableak izaten.