Mihi-gaiztoenek diote Convergencia Democratica de Catalunya ez zela inoiz independentista bilakatuko hogeita hamar urteko ustelkeriak inguratua ez baleuka. Alegia, urte hauetako diru lapurreta etengabeak utzitako kiratsa gozatu, gozotu eta urrindu nahian eman zuela Jordi Pujolen eta Artur Masen alderdiak Katalunia gaurko honetara ekarri duen itzulipurdi ideologiko-estrategikoa. Esquerrak irentsiko ote zuen beldur zegoela, alegia, eta horrexegatik atera zuela estelada balkoira. Auskalo egia den. Egia izatekotan, ez zen arrazoi bakarra izanen, ez beharbada arrazoi inportanteena. Egia dena da, hala ere, aste honetan Palau kasuaren sententziak agerian jarri duen bezala, Convergencia nagusi izan den garaian ustelkeria ere jaun eta jabe izan dela Katalunian. Espainian PPrekin bezala. Mihi-gaiztoa izan beharrean, mihi-gaizto-gaiztoa banintz, Estatu mailako ustelkeriaren mapari erreparatuko nioke. Izan ere, Valentzian eta Balear Uharteetan ez da hain desberdina izan. Ustelkerian bederen, bai, Països Catalans.