Atxagari aditu nion behin lehen kolpean beti harritu egiten zela jendea ikusten zuelarik halako edo holako garraiobide proiekturen baten kontra, bera gaztea zelarik errepideak egitea, adibidez, aurrerabidearekin lotzen zelako, progresoarekin. Pixkana-pixkana ikasi dugu azpiegitura handiek, ezta garraioaren munduan ere, ez dutela zertan beti aurrerabiderik ekarri, progresoaren izenean saltzen duten guztia ez dela urre izaten, guztien onuratzat saltzen dutena gutxi batzuena baizik ez dela izaten azkenean. Abiadura handiko trenaren inguruan oso lotua ikusten dut Geroa Bairen Nafarroako Gobernua. Madrilek lotua. Gasteizek lotua ere. Oposizioak lotua. Eta bere gobernukideek lotua. Ez dakit gauza batzuk sinetsita erraten dituen, edo bertze erremediorik ez duelakoz. Ez dakit zergatik egiten dituen egiten dituenak eta zergatik egiten ez dituen egiten ez dituenak. Deus egiteko gogorik ere ote duen, ez daukat argi. Iduri du ahalik eta gutien bustitzea, ahalik eta gutien zipriztintzea dela hautatu duen bidea. Zaila du. Oso zaila.