Politikariak kartzelan edo erbestean politika egiteagatik. Mutil gazteak kartzelan ordu txikietako liskar alkoholiko batengatik. Raperoak kartzelara bidean rapeatzeagatik. Txiolariak auziperatuak, bat edo bat, espetxeratua ere bai, beren txioengatik. Bistan dena, mota jakin bateko politikariak daude kartzelan edo erbestean, mota bateko mutil gazteak, mota bateko kantariak zigortuak, mota bateko txiolariak. Espainiako erresumako justizia ez da itsua. Espainiako erresumako justizia, izatekotan, begibakarra da, alde batera baizik ez baita egiazki itsua. Alde batera baizik ez baitira itsuak izaten justizia egin behar duten epaileak. Iruñeko haur eskolen auzian ere epaileek ezikusia egin diote euskarari, euskaldunei. Justizia egin dutelakoan, justizia hankapetik.