Foruzaingoaren txioa, neronek euskaratua: “Atzo esku hartu behar izan Milagrés-Cárcar futbol partidan. Astapotro eta ustela izan behar, barrenak askatzeko arbitro bat irainduz bere larruazalaren koloreagatik...” Igandean gertatu zen, nonbait. Foruzainek 17 lagun identifikatu zituzten, denak Milagrokoak, arbitro beltza laidoturik. Hemen ere ez gaude arrazakeriaren izurritetik libre. Eta hemen ere ez gaude futbolkeriatik libre. Joan den astean, “Jokoz kanpo” ikusi genuen Iruñean, Borobil Teatroaren antzezlana. Irri ederrak egin genituen semeen futbola dela-eta burua eta tentua galtzen duten aita eta entrenatzaileen istorioarekin. Kontua serioa da, ordea. Haurren partidu batzuetan gertatzen dena ikusita nola harrituko gaitu Milagrokoa bezalako itsuskeria batek. Nik ikastetxe guztietara eramanen nuke “Jokoz kanpo” antzezlana, eta aita eta entrenatzaile guztiak ikustera behartu.