Nafarroan Aldaketak lau hanka behar izan ditu ibiltzeko. Hanka horietariko bat bere kasa ibiltzen hasten denean mainguka hasten da Aldaketa, herrenka. Aspaldi honetan, Nafarroan Aldaketak herren egiten duenean hanka beretik egiten du beti herren. Ez dira berriak Izquierda-Ezkerraren desmarkeak. Barkosek nahiz Asironek legegintzaldiaren hasieratik egin dute haiekin behaztopa. Podemos-Ahal Duguk ere –edo Aranzadik– ez dizkiete beti gauzak aisatu Erkidegoko nahiz hiriburuko gobernuei. Ezkerrerarena, ordea, arazo bilakatzen hasia da, estrategia berariazkoaren susmoa baitario, gero eta gehiago. Kataluniako gatazkaren bertze albo-kalte bat: abertzaletasun periferiekiko edozein kidetasun, konplizitate edo hurbiltasun mota gero eta begi okerragoz ikusita dago iritzi publiko espainiarrean. Itxuraz, Izquierda-Ezkerra deseroso sentitzen da Geroa Bairekin eta Bildurekin txalupa berean . Ez dakigu, ordea, erosoago sentitzen ote litzatekeen Madrilgo Udalari, Carmenarenari, 155. artikulua aplikatzen diotenekin batera, auskalo nora arraunka.