Diario de Navarrak bere edizio digitalean horren berririk ematen ez badu ere, Nafarroako eta Euskadiko lehendakariak batu zituen atzo, Iruñean, Eusko Ikaskuntzak Montxo Armendariz zinemagileari eman zion sariak. Duela bi urte arte, berez albistea izanen zen hori; topaketaren arrazoia ilunpean uzteraino. Sanz Nafarroako gobernuburu izan zen bitarte amaigabean uste dut behin edo bitan baizik ez zen halakorik gertatu, eta bertze horrenbertzetan Barcinaren lau urteetan. Uxue Barkos lehendakari dugunetik maiz elkartu da Urkullurekin. Azkena, oker ez banago, Katalunian, Bartzelonako eta Cambrillsko atentatuen harira. Atzo ere, seguru aski, izanen zuten elkarri zer errana, Kataluniaz, 155.az, PPz, trenaz. Agian, bertze pelikula batzuez mintzatzeko ere probestuko zuten bi politikariek. Montxo Armendarizen zinemagintzaz, adibidez. Baina ez dakit politikariak zinera joaten diren. Harrigarria, aspaldi honetan politikak ematen ez dizkigun albiste onak zinemak ematen baitizkigu. Ez bakarrik Armendarizi eman dioten sariagatik. Ikusi duzue Handia? Ez? Zeren esperoan zaudete ba?