Coitus interruptus. Iruñeko euskaltzale ezagun batek hala definitu zidan, etsipen apur batez, atzo Bartzelonan gertatua. Interruptus izan zela ezin ukatua, horrek dakartzan ondorio gaizto guztiekin, frustrazioa barne. Baina coitus ere bai, begira ezazue bertzela Madrilgo prentsa. Aunitzek espero zuten deklarazio zaratatsu eta erabatekoa kafegabetu egin zuen Kataluniako Gobernuak. Indargabetu. Edo haren indarra geroratu. Batzuk mindurik daude horregatik. Hainbertze aldatuko zituen gauzak deklarazio zaratatsu eta erabateko batek? Independentzia aldarrikatzeak ez dakar, berez, independentzia. Xake partidak segitzen du. Hobe da denok jabetzea luze joko duela, eta inon ez dagoela idatzia nola amaituko den. Euskal Herrian, batzuk, katalan aunitz baino antsietate handiagoz segitzen ari dira prozesua. Bai, kontu hau guri ere badagokigu, baina trankil. Ohartu zarete nola jartzen ari den mendia udazken eguzkitsu honetan?