Ikurrei buruzko lege berria hitzartu zuten, bertzeak bertze, Nafarroako aldaketaren lau indarrek. Berehala abisatu zuten, hala ere, ez zela lehentasuna. Eta denei ongi iruditu. Ikurrak ez daitezke lehentasuna izan, hainbertze gauza egiteko daudenean. Lehentasuna ez zenez, lege berririk ez, eta lege berririk izan ez denez, urte eta erdia joan da, eta ikurrinaren debekuak indarrean dirau gure udaletan. Bat-batean, lau indarrei argia etorri zaie auskalo nondik: lege berririk ez zen behar: 2003ko ikurren legea baliogabetuta, indarrean jarriko da automatikoki 1986ko legea, ikurrina debekatzen ez zuena. Erran eta egin, martxotik aitzina legezkoa izanen da berriz herriko etxe nafarretako balkoietan ikurrina paratzea, udalek horrela erabakiz gero. Kontxo, non ibili dira urte eta erdi honetan alderdietako buruzagitzak eta beren legelariak.