Joan den astean, hemengo egunkari batek salatu zuen Errege Bardeako Batzarraren kontuak ez zeudela garbi. Inork ez zekiela diruaren zati handi bat zertarako erabiltzen zen. Eta xede ezaguna zuen diruaren zati handi bat bidaia eta dieta justifikaezinetan erabilia zela. Bardeako Batzarra, UPNren txiringitoa –bertze bat-, eta bertan PSN kamarero –bertze behin-. Hurrengo egunetan, egunkari horrek hasierako albisteak gizendu zituen, xehetasunak gehituta. Eta Nafarroako bertze egunkaria isilik, Bardeako Batzarra isilik, UPN eta PSN isilik. Julián Isla Bardeko Batzarreko lehendakariaren gorpua herenegun arratsaldean aurkitu zuten. Bere buruaz bertze eginda, albistearen hizkera kriptikoak aditzera ematen zuenez. Gaur inork ez du irregulartasunik aipatzen, eta Nafarroako bertze egunkari horretan zenduaren zuzentasuna goraipatzen den artikulua ageri da. Barberaren kasuan bezala, heriotza, zikinkeriaren lur-emaile. Bardeako ziertzoaren zirimolan, nobela beltz-beltz baterako gai. Bertze bat. Ze efizientea den batzuetan heriotza.