Eskuineko edo eskuin-muturreko web orrietan pozik zeuden astelehenean. Jende guti izan omen zen, Vianan, igandean, Nafarroa Oinezen. Ez seguraski haiek zioten bezain guti, baina egia da bertze Oinez jendetsuagoak ditugula denok gogoan, Vianan berean ere. Iaz irudipen bera izan genuen Elizondon, eta soka lehenagotik heldu da. Desmobilizazioa? Baliteke. Aldaketa politikoak ekarri duen lasaikeria ere aipatu izan da. Baina beharbada gizartea bera da kanbiatu, eta, bertzerik gabe, elkarretaratze mogollonikoek galdu dute denbora bateko xarma, gaxteen iniziazio alkoholikorako ez bada. Beharbada, bestaren eredua bera dago auzitan, eta horretaz gogoeta egin behar lukete gogoeta egin behar dutenek. Aparkaleku erdi hutsek berriz ere ustekabean harrapa ez gaitzaten, heldu den urtean Lesakan.