Iruñeko alkate Joseba Asironek Laura Berro mantenduko du Udaleko Berdintasun alorreko buru. Erran gabe doa Aranzadikoak zinegotzia izaten segituko duela. Gelditzeko formula aurkitu dute. Berriori orain leporatzen zaion bekatu bera egin zuen, aurreko legegintzaldian, lehengo alkate eta UPNko oraingo eledun Enrique Mayak. Itxuraz, Mayak ere bozketa batean parte hartu zuen, bere interesak edo bere hurbilekoenak jokoan zeudelarik, eta ez hargatik alkatetza edo zinegotzigoa utzi. Arrazoi handia da inondik ere. Zertaz eskatzen didazu niri, zuk egin ez zenuena? Araua hori izanen bada, lasai egon daitezke Nafarroan orain agintean daudenak. Tarte handi-handia dute UPN berdintzeraino, hain baita altua –edo bajua, nola ikusten den- nabarristek jarritako listoia. Gauzak UPNk ez bezala egiteko etorri zirelakoan nengoen, ordea.