Ari dira sinadurak biltzen, politikoekin mintzatzen, kale agerraldiak antolatzen. Kontinenteko herritarroi gure gobernuak nola edo hala presionatzeko deia egin digute, Europar Batasunak Turkiarekin egin duen akordioa ez berresteko. Akordio horren ondorioz, Turkia gure mugazain bilakatuko da, eta Balkanetako herrietako mugetan baraturik dauden hamar milaka errefuxiatu bidaliko ditugu paradisu europarretik. Horren ordain, 6000 milioi euro emanen dizkiegu turkiar agintariei, kurduak masakratzen eta egunkariak ixten segi dezaten. Telebistak errefuxiatuen kanpamenduetako irudiak ekartzen ditu egun hauetan gure etxeko sala epelera: euria, lokatza, kanpadenda meheak, eritasunak eta desesperantza. Haien begiradaren segundo bakoitzak ez dakit lotsaturik uzten gaituen, lotsagarri bai bederen. Jende dira, baina ez dakit gu jende garen.